ABUSUEN AURKAKO ALARMA PIZTUKO DUTE IRUÑERRIAN

Langile sektore ahulek pairatzen dituzten eskubide urraketak detektatzeko, salatzeko eta aurka egiteko elkartasun komunitatea osatu du LAB sindikatuak.

Azken urteetako lan erreformek prekarietatean murgildu dituzte langile ugari, eta gainera haien aurkako botere abusuak ugaritu dituzte. Langile horiek orain ekintzarako tresna berria izanen dute Iruñerrian, LAB sindikatuak Piztu Alarma tresna martxan jarri baitu.

LABek Iruñerriko auzo eta herrietan elkartasun komunitate bat osatu du sektore ahulek zein ohiko langile mugimendutik at daudenek jasaten dituzten eskubide urraketak eta botere abusuak detektatzeko, salatzeko, aurre egiteko eta langileei babesa emateko -kasu bakoitzean egoki ikusten den formatuan-. Ikuspegi kolektibotik zein indibidualetik piztu ahal izanen da alarma, eta edozeinengatik piztu ahal izanen da, LABeko afiliatua izan ala ez. Era berean, alarma piztu dutenak laguntzeko komunitatean ere edonork har dezake parte.

Piztu Alarma tresnak Birpentsatzen prozesuko gogoetan du abiapuntua. Hausnarketa prozesu hartan LABek ikusi zuen klase gatazkaren paradigma aldatzen ari dela. Dagoeneko ez baitugu ikusten paradigma lanaren eta kapitalaren artekoa denik, baizik eta bizitzaren eta kapitalaren artekoa; auzitan dagoena ez delako soilik lana eta lan baldintzak, baizik eta bizitza bera eta bizitzaren jasangarritasuna. Hortik abiatuta bideratu du LABek azkenaldian bere jarduera sindikala eta soziala, lan eta bizi duinak aldarrikatuz.

Ekintzarako tresna
Azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian Alarma Soziala izeneko dinamika jorratu du LABek Macronen erreformaren aurka. Iruñerrian dinamika horretan inspiratu dira Piztu Alarma martxan jartzeko. Tresna berri honek ohiko langileak aktibatu nahi ditu, baina baita bertzelako kolektiboak ere, langile klase subjektuaren parte ere badirenak: langabeak, pentsionistak, ezkutuko ekonomian daudenak, autonomo faltsuak, bekadunak, etxeko langileak… Babestu gabeko kolektibo horiei guztiei alternatiba sindikala eta soziala eman nahi die LABek, eta pairatzen dituzten egoera ahul zein botere abusuen aurrean defendatzeko tresna izanen da Piztu Alarma.

Tresna aktiboa izanen da Piztu Alarma. Lan eremu ezberdinetan gertatzen diren ezkutuko errealitate horiek identifikatu nahi ditu LABek, ikusgarri egin, eta alternatiba kolektiboak eman; langile horiek ikus dezaten ez daudela bakarrik eta langile komunitate bat badutela ondoan laguntzeko prest.

Iruzkinak